XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) eta Naimari nire aurreko bozetoa baino handiago bat egin diot, orribetekoa kasik, eskura neuzkan margo bakanak erabiliz.

Gero, Naima goizero bezala sartu da gelan, atea kask-kask jota, eta iruditu zait berarekin batera haize epeleko bafada bat ere sartu dela.

Azpila lurrean jartzera makurtu denean, biok elkarri tinko begira geratu gara, gure artean terrazatik belardirako distantzia berbera balego bezala, eta gure begirada lausotuz, ur irakinaren lurrina igo da.

Ikaragarri polita izan da, basamortuko egunsentirik politena baino mila aldiz politagoa.

Eta ikaragarri polita izan delako, doi-doia oroitu naiz erretratua emateaz.

Eta eman diot, eta Naima aurrena jo eta ma geratu da eta, hurrena, bere buruari antzematean, alderik alde zabaldu zaio irribarrea.

Eta orduantxe itxi da parentesi ezti hori, bat-batean Naima niregana hurbildu eta ahotik oso gertu musu bat eman didanean...

Giltzarrapo gorria!

Orduan asto herren bat zaldi lasterketa bat irabaztean bezain pozik sentitu naiz.

Naimak gauaren itzalek baino arinago alde egin du, ni gosaltzeko bat ere gogorik gabe utzirik.

Gainera, txizalarri nintzenez, kanpora irten behar izan dut.

Atarira herrenka agertu bezain laster, haur bat, gero beste bat eta beste bat aromika inguratu zaizkit eta nekez isuri ahal izan dut barnean bildua nuen txizerreka.

Handik gutxira, kantu baten hotsa heldu zait, eta, pareko mendi malkartsura begiraturik, hiru puntutxo ikusi ditut (bihozkada izan dut haietako bat Naima zela).